Bere ingurumen-politikaren balantze positiboa egin du Euskadik sektoreko berrehun inguru profesionalen aurrean

08/06/2018

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

Ingurumen Esparru Programak berretsi egin du euskal ekonomiak ez duela jadanik ingurumenaren narriadurarekin loturarik

Ekonomia zirkularra, ingurumenak osasunarekin duen lotura, elikadura zirkularra eta erosketa publiko berdea, datozen urteetako ingurumen-erronken artean

Arriola sailburuak adierazi du ingurumen-politikan Euskadik erreferente izaten jarraitu nahi duela Europan, ingurumena lehiakortasunaren funtsezko faktore bihurtuko den lurraldea, ingurumenean “gastatzetik” “inbertitzera” igaroko den lurraldea

Euskadin, ingurumenaren hobekuntzan aurrerapen izugarriak lortu ditugu azken 30 urteetan, baina denborarekin ikasi dugu gainerako politika sektorialetan txertatzen den ingurumen-politika dela onena. Osasunak, elikadurak, azpiegiturek edo lurraldea kudeatzen den moduak eragin zuzena dute ingurumenaren egoeran”, adierazi du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur goizean Donostian izan den “Ingurumena Euskadin 2018” jardunaldian.

Elkarraldian Euskadiko IV. Ingurumen Esparru Programak ‒azken lau urteetan Ingurumen sailaren ekintza zuzendu duen tresna‒ lortutako emaitzen balantzea aurkeztu da sektore ekonomiko desberdinetako eta euskal administrazio publikoko berrehunen bat ordezkariren aurrean.

Ingurumenaren arloan erakusten duen jardun egokiagatik nabarmentzen da Euskadi. Izan ere, laugarren postuan da 132 herrialderen artean, Ingurumen Errendimenduaren Adierazlean (EPI). Gainera, ziurtatu ahal izan da euskal ekonomia ez dagoela jadanik ingurumenaren narriadurari lotuta. Zifrak argiak dira. 2000 eta 2015 urte bitartean % 6 gutxitu da energiaren barne-kontsumoa; % 27 murriztu da Negutegi Efektuko Gasen emisioa (GEI); % 25 materialen etxeko kontsumoa; % 37 PM 10 partikulak (% 37ko gutxitzea); eta % 56 hiri-hondakin solidoak, zabortegira bidaltzen ditugunak”, adierazi du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak.

Arriolak gaineratu duenez, Euskadik “ingurumen-politikan erreferente izaten jarraitu nahi du Europan, ingurumena lehiakortasunaren funtsezko faktore bilakatuko den lurraldea, ingurumenean ‘gastatzetik’ ingurumenean ‘inbertitzera’ igaroko den lurraldea. Hori egitea etorkizunean inbertitzea delako”.

Adierazle horiek azken urteetan Euskal Herrian egindako ingurumen-politikaren ebaluazio-txostenean daude bilduta. Europako Batzordearen txosten homologoaren ‒Environmental Implementation Review (EIR)‒ metodologiari jarraituz landu da txostena eta Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko ordezkari José María Ramos Floridok aurkeztu du metodologia.

Euskadiren ingurumen-erronkak

Aipatutako txostenak Euskadik datozen urteetan sakondu behar izango dituen gakoak adierazten ditu, ingurumen-kalitate maila handia mantentzeko. Hauek dira: karbono gutxiko ekonomia bat egituratzen aurrera egitea; habitaten kontserbazio-egoeraren hobekuntzan nabarmen aurreratzea; ekintzailetza-nitxoak ahal den gehien aprobetxatzea ingurumena hobetzen duten enpresa-jardueretan; ingurumenaren araudiaren eta politikaren eraginkortasuna ebaluatzea; ingurumenaren eremuan eskumena duten administrazio publiko desberdinen arteko koordinazio eraginkorra eta benetakoa lortzea; eta politika fiskal sistematiko bati ekitea, ingurumen-politikaren helburuetan integratuta.

Gainera, gomendatzen du bere ingurumen-politika hobetzeko Euskadik ekonomia zirkularra aprobetxatu behar duela fabrikazioaren prozesu industrialen eraginkortasuna areagotzeko eta lehia enpresariala suspertzeko; elikadura zirkular bat sustatzea, nekazaritzako elikagaien zikloak itxiko dituena; ingurumena aprobetxatzea pertsonen osasunaren funtsezko bektore gisa; eta erosketa publiko berdearen ezarpena indartzea euskal administrazio publikoen ingurumen-jarduketa hobetzeko.

Arriola sailburuak adierazi duenez, bere ingurumen-politikan salto kualitatibo bat planteatzeko prest dago Euskadi, lurralde-eredu baterantz eboluzionatzeko, non ingurumen osasungarriak eta oparotasun ekonomikoak eta sozialak desegin ezingo den lotura izango duten ekonomia lehiakor, berde eta berritzaile baten emaitzekin; baliabideak alferrik galduko ez dituen ekonomia bat, enplegua sortuko duena eta maila globalean planteatzen ari diren ingurumen- eta jasangarritasun-erronka handietan lagunduko duena.

Irekia

Ingurune-Gaurkotasuna

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies